Formakuntza plana
Jose de Azpiazu Musika Eskolaren Formakuntza Planak lau maila ditu; 4 urterekin hasi eta adin mugarik gabe.
Taula pedagogikoa: 1. MAILA
Lehenengo maila edo “harrerakoa” 4 urterekin hasi eta 7/8 urterekin bukatzen da. Irakasgai hauek osatzen dute:
- Musika eta Mugimendua: Dantza, kantua eta jolasaren bitartez musikarekin izango duten lehen kontaktua da. Modu jostagarri eta atsegin batean haurrek erritmoa, barietate ezberdinetako soinuak, intentsitatea,… landuko dituzte.
- Txandakakoa: Musika Eskolan irakasten diren instrumentu guztiak ezagutzeko aukera dute ikasleek. Instrumentu bat aukeratu aurretik, instrumentu denak ikusteko eta jotzeko aukera ematen zaio ikasleari.
- Musika Hizkuntza “Prestakuntza”: Musikarien hizkuntza da. Instrumentu bat jotzeko beharrezkoa den nazioarteko hizkuntza.

Taula pedagogikoa: 2. MAILA
Bigarren maila edo “hasierakoa” 8/9 urterekin hasi eta 11/12 urterekin bukatzen da. Irakasgai hauek osatzen dute:
- Musika Hizkuntza: Lehenengo mailan hasitakoaren jarraipena eta sakontzea izango da bere helburua.
- Abesbatza: Kantuaren bidez musikaren aspektu desberdinak lantzen dira. Hala nola; noten afinazioa, intentsitatea, zuzendariaren lana, talde-lana,…
- Musika taldeak: Abesbatzean landutako gaiak kasu honetan instrumentuen laguntzarekin landuko dira. Instrumentua hiru urtetan zehar landuta, ikasleak nahikoa gaitasun lortu du musika talde batean neurriko ardurak hartzeko. Urteekin instrumentuaren teknikan maila hobetuz eta ziurtasuna lortzen doan neurrian, ardurak gehituz joango dira. Ikasgai hau da musikari ororen azken helburua eta musikari bezala bilakaera egokia izateko ezinbestekoa.

Taula pedagogikoa: 3. MAILA
Hirugarren maila edo “finkapenekoa” 12/13 urterekin hasi eta 15/16 urterekin bukatzen da. Ikasgai hauek osatzen dute:
- Informatika Musikala / Aro berriko Harmonia / Analisia eta Band in a box/ Soinu teknika eta grabaketa: Ikasgai hauen helburua, ikaslea, gaur egun musikan dauden teknologia berrietara gerturatzea da. Musika editoreak diren programetatik hasi eta konposizio txiki baten laguntzaile izateko balio duten programetara iritsi arte. Honekin ikasleari independentzia ematen zaio musikagintzan bere konposizio bat sortu dezen.
Diploma: Hirugarren maila bukatu ondoren eta ikasgai guztiak amaituta, ikasleari diploma eta ikasketa ziurtagiria emango zaizkio egin duen lanaren aitorpen gisa.

Taula pedagogikoa: 4. MAILA
Laugarren maila edo “hobekuntzakoa” 16/17 urterekin hasi eta adinean mugarik ez duen maila izango da. Maila honek ikasgai bakarra izango du; Musika Taldeak. Maila honetan, ikasleak, talde finkoetan parte hartzeko adinako prestakuntza jaso duela pentsatzen da. Hala nola; Bandan, Akordeoi orkestran, Konboetan, Txistu Bandan, Big Band-ean, Trikitixa-Pandero taldean,… Behin hona helduta, ikaslearen egitekoa, lortu dituen ezagutza guztiez baliatuz musikaz gozatu, disfrutatu eta berau hedatzea izango da.
